domingo, 24 de abril de 2011

Haizeak daroa..

A palabras necias, oidos sordos dio gaztelaniazko esaerak. Gurean Zoroaren esanak ez punta eta ez ipurdi, esan ohi da, besteak beste. 
Gotzon Garatek hala jaso zuen "Errefrauak eta Atsotitzak" lanean. 
Ahozko tradizioa egiaz beterik daukagu, herriari berari begiratua eman eta hark ditu garen guztiaren giltzak, hitzak, eskutitzak.

Udan 33 mehatzari lurrazpitik 700 metrora irten ezinik egon ziren. Gertaerak mundu mailan ohiartzun ikaragarria izan zuen, eta zorionez, langileak onik irten ziren. Istripuak agerian utzi zuen zein baldintzetan egiten duten lan eta mundua haiei begira dagoenean, zein azkar bilatzen diren azaleko irtenbideak. Lurrikararekin antzeko zerozer gertatu zen; 2010eko lurrikara gertatu zenean, gobernuak ez zuen bidean zen tsunamiaren berririk eman eta sarraskia gertatu zen Concepcionen, Txileko hegoaldean. 2011ko otsailean gertaturiko beste lurrikararekin aldiz, babes neurriak biderkatu zituzten, arriskurik ez zegoela bazekiten ere. 
Estatuaren marketing estrategiak dira, estalki antzuak.
Harrezkero ez da ezertxo ere aldatu..oraindik ere 200 mehategi abandonatu baino gehiago dago garbitu barik eta osasunerako arriskutsuak dira: gai toxikoak isuritzen dituzte eta ez dituzte segurtasun neurriak betetzen.
Joan den otsailaren 27an lau mehatzari zendu ziren istripu baten ondorioz. Inork ez du tutik esan horren inguruan. Inguruko ur isuriak kutsatzeko arrisku larria dago.
Erabakien atzean ez dago gizatasunik, estatuak ez du herrian pentsatzen, despotismo modernoaren pentsuan bizi gara.
Haiek erabakitzen dute zein albiste "munduratu". Haiek erabakitzen dute zein den albistea eta nola kudeatu. Haiek herria heriotz zigorrera kondenatzeko gaitasuna dute,  herritar xumea heroi bilakatu ahal dute.
Gaurko albiste dena baina, biharko, deus ez.

miércoles, 20 de abril de 2011

Copiapo ibaia egarriz hiltzen ari da

Copiapo hitzaren jatorri argirik ez dut topatu, hipotesi batzuk baino ez. Badakigu quechuako kopa-yapu hitzean duela oinarri, turkesen zelaia; berez, copay hitzak urdin argia esan nahi du quechua hizkuntzan eta yapu, lur goldatua.  Bada behin baino gehiagotan topaturiko beste definizio bat ere: haren arabera,  "copayapu" hitzak urrezko kopa adierazi nahi du. 


 Lur ahantzia izenez ezaguna izan da Atacama,  mehatzen gotorleku ( beste bat...) Txileko III. lurraldea. Turismoak zeharo berpiztu du ingurua baina bertan eginiko garapen ekonomikoak ez zuen uraren faktorea kontuan hartu, nonbait.
Baina dela kopa, dela urrezko edo dela turkes koloreko,  ibaiaren akuiferoak agortzen ari dira berez sortu ahal duten ur kantitatea baino altuagoa kontsumitzen delako. Tartean ez dago klima aldaketaren ondoriorik, lehorte edo euri eskasiarik. Nekazariek ordea, nekez ureztatu ahal dituzte haien lurrak. Lotsa gutxi dago halako erabakien atzean, arinkeriaz , harropuzkeriaz eta zikoizkeriaz jokatzen dutenek ez dute sekula zigorrik jasotzen.
Urrezko negozioa dute enpresariek, betiko lez: uraren prezioa bikoiztu, hirukoiztu..halakoiztu egin dute.

domingo, 17 de abril de 2011

Tatioko geiserrak arriskuan...

...ustiaketa geotermikoaren izenean...
 
Geiserretatik eratortzen den energia elektrikoaren bideragarritasuna neurtzeko 2.000-2.500 metro inguruko zuloak egin dituzte geiserretan.
Lickan Antayek 12.000 urte daramate Atacama basamortuko lur arrakalatuetan. Nekazariak dira lanbidez.
Halaber, turismoa dute iturri ekonomiko nagusia. Aitzitik, turismoaren txanponak alde bi dauzka: batetik, nahiz eta beronen bitartez dirutza ikaragarria jaso, 400 lagun inguru desgertzeko zorian diren Aymadi, Taira eta Valachuzen herrixketan bizi dira, erabat isolaturik. Bestetik, turismoak jatorrizko herrien berezko bizilekua ostu du, bertan hotel ugari sortu dira bizilagunen baldintzak kontuan izan gabe, haien ohiturekiko begirunerik adierazi gabe. Ez dituzte haien eskubideak errespetatu. Ondorioz, nekazari askok haien bizilekutik ihes egin behar izan dute, lasaitasun bila, besteak beste.
Geiserretako manipulazioak ondorio larriak eragin ditu naturan eta bertako biztanleengan: Loa ibaia agorturik dago eta jada ezin ditu biztanleak elikatu. Ura ondasun preziatua da: baliabide naturala bada ere, enpresek eta multinazionalek ur eremuak erosi dituzte hotelak eta terma pribatuak eraikitzeko. Parez-pare Lickan Antayak egarriak jota daude, eta haien jatorrizko lur eremua hilzorian.

viernes, 15 de abril de 2011

Udazkenari: El silencio de los arboles

Mi padre y yo solemos charlar
Hasta la madrugada
Bebiendo del vino de la pena
Y la esperanza
¿Alguién puede evitar el otoño
del oeste? , me dice
Los rios van perdiendo su profundidad
El caudal de la sabiduria
Y comienzan a añorar el silencio
De sus bosques
Nosotros pensamos en el hijo
El hermano, aun en el exilio
Hablamos de luchar, mientras
Los zorros
Cruzan gritando nuestros campos
Mi padre y yo envejecidos
Ahora nos miramos entre lagrimas.
Elicura Chihuailaf.



Eguraldia aldatuz doa hego hemisferioan. Munduko beste muturrean eguzkia irri egiten hasi da, egunak luzatu...hemen egunak goibeldu dira baina tenperatura atsegina dago, apenas dago hotzik, momentuz. Udazkena Txilera heldu da.

Urtaroak asmakizun modernoa direla esan ahal da. Aspaldian, bi garai baino ez zegoen: uda eta negua, hau da, hotza eta beroa. Horren arabera lurra, ganadua eta bizitza antolatzen zen, hainbesteko zehaztasunik gabe. Gerora udaberri eta udazken kontzeptuak etorri ziren...bi hitzek "uda" dute oinarri, garai batean udari zegozkion aldiak zirelako.
Egun, gero eta desitxuratuago ditugu urtaroak. Hotz behar duenean izerditan gaude eta alderantziz. Sentsazio deserosoa da, burua eta gorputza desorekatzen ditu, sarri.
Baina tira, gaur udazkenari eskaini nahi diot sarrera. Ederra dugu Euskal Herrian, eta ederrra Txilen ere. Poemak udazkenarekin batera naturak galtzen duena dakar; naturak udaberrian galdutakoa berreskuratuko du. Erbestean den senidea noizbait berreskuratzea da aita eta alabaren ametsa, zahartu ahala, akaso gero eta urrunagoa.

miércoles, 13 de abril de 2011

Sasi guztien gainetik....

Aurrekoan baserriaren inguruan aritu nintzen ikasleekin, haren atzean ezkutatzen den sinbologia azaldu nien; euskaldunok beti izan ditugu gure sinesmen propioak , batzuk mitoei loturikoak, asko eta asko lurrari berari loturikoak.
Bada, eguzkiloreaz, erramuaz eta sorginez ari nintzela, ikasleak animatu eta hemen, Txilen dauden sinesmen batzuen berri eman zidaten. Polita izan zen, danok ohartu ginen jatorrizko herriok asko dugula komunean, sinesmen gehienek pacahamama-amalurrean dutela oinarri. 

Geure bazter askotan bezalaxe, hemen ere horma-erruda, edo iturri-belar zuria tradizio luzeko belarra dugu; ez da kasualitatea geurean baserrietako hormei besarkaturik agertzea, etxekoak babestu eta izpiritu maltzurrak uxatzeko. Txileko iparraldean, besteak beste, hori berori erabiltzen dute helburu bera betetzeko.  Etxeko atarian zintzilik utzi eta hura lehortzea etxea jite edo espiritu maltzurrez garbirik dagoen seinale da. Iparralderago objektu sakratu bat lurperatu ohi dute eraiki behar duten lur eremuaren azpian, sorginkerien erasoetatik babesteko edo.
Hiriak  magia hura desegin du, gurean bezala.  Paradoxa berria. Enegarrena. Ederra

domingo, 10 de abril de 2011

AHAZTURAREN ANTIDOTOA

                                                 Para olvidarme de ti
                                                Voy a cultivar la tierra
                                                En ella espero encontrar
                                                Remedio para mis penas...
                                                                                                          

Bitxia da ahaztura garaitzeko erabiltzen ditugun mekanismoak.
Urruntasuna ohikoa da, distantziak mina sendatuko balu lez. Oroitzapenak buru-bihotzetik ezabatzea beste ariketa mota bat da. "Reset" botoiari sakatu eta ttak, dena hutsik, hutsal, deus.
Nik ez daukat antidotorik. Ez dut edabe miragarririk dastatu. Lehian ibiltzen naiz ahazturarekin eta haren aurka egiten dut. Argazkiek hazkurea eragiten didate baina ez ditut neure bizitzatik atera nahi: ezin dut. Ezin zaitut.
Memoria historikoaren etsaiek ahaztura dute tresna, behin eragindako mina desagerrarazi eta haien kontzientzia garbitzeko edo.

Akaso ikasi behar dugu bizitakoa pizturik mantentzen, ez bereziki hura gogoratuz min emateko geure buruari, kontrakorako baizik.
Aurrera egiteko errepide malkartsua da ahazturaren aurkako bidea. Hura garaitu eta harekin bizi, herrarik gabe, horixe da osasungarriena. Erosoena ez ordea.
Ahazturaren biktima bilakatu nau, pilula jan eta aieneak loak hartu du. Nik Violeta Parraren abestia entzuten dut orduan, zigorretik ihesi.

                                 ...Las flores del jardín
                                   Han de ser mis enfermeras... 
                                                                                            Violeta Parra.

miércoles, 6 de abril de 2011

Tierra de Fuego..zer dela eta?

Hainbat teorien artean bada mami gehiagorik duena. 1520an Magallanesek bere izena daraman lur muturra deskubritu zuen: Atlantikoa eta Pazifikoa, bi itsasoak lotzen dituen lur zatia. Orduko bidaiariek ez zuten jatorrizko biztanleekin harremanik izan baina haien ontzietatik su ikaragarri ugari bistaratu zuten, lur muturraren sarreran bertan. Anne Chapman antropologoaren iritziz, bertako biztanleek eurek sorturiko suak ziren, gertakari ez ohikoaren iragarle. Lurraldearen orografiak ez zien utzi bestelako elementuez baliatzea arriskuaren berri emateko: hain inguru haizetsuak edozein soinu jan egiten zuen. Hargatik sua, begi-bistarako, askoz ere zehatzagoa zen eta.

sábado, 2 de abril de 2011

Bidaia iluntasunera

Negu gorria hegoaldeko herrixkan. Ohi bezala, gure aitona Alejandro lanera joateko prest da. Goizeko bostak dira eta mehatzera abiatzeko dago. Hankak buztin gorriz zikintzen zaizkio eta euria gogotik ari du. Blai dago aitona, eta ateri mantentzen den geltoki bakarra du jomuga, bertatik lanera eramango duen autobusaren zain. Autobus handi eta hotza, isiltasuna nagusi, nahiz eta inguruan lankideak izan. Zein zaila den haien hausnarketetan murgiltzea..zein zaila den asmatzea ametsetan edo ametsgaiztotan ari diren.. gure aitonak eskuak astintzen ditu, hotz behar du, inondik ere; mehategira iritsi eta arropaz aldatzen da. Nik ez dakusat ezer garbirik, hainbeste gizon dira haren ondoan..begibistakoa lausoturik daukat. Aitona kaiolan sartu da eta haren begi dirdiratsuak iluntasunean galdu dira. Kaskoetako argiek izarren konstelazioak irudikatzen dituzte eta badirudi, une batez, iluntasunari gailenduko zaizkiela. Lanaldia hasi da eta aitonak gogor jotzen dio harriari, txunditurik nauka, kasik beldurtu ere egiten nau. Eskerrak harri beltza zulatzea beste helbururik ez duena.

Bero sapa lurrazpian. Aitona izerdi patsetan, baina berdin dio, ondo baitaki une latzak bizi dituela herriak, eta etxera sosak eraman behar direla. Beste aukerarik ez dauka. Ez dago. Halako batean garrasi itoak: gasa! Grisú gasa, grisú gasa...gizonak harrapaladan ihesi doaz, izu laborian. Oihu mingarria, aieneak. Bat-batean: siltasuna, dena bare. Ilun. Ez dakusat ezer eta dardarka nago, non dago aitona? Hotz naiz. Begiak indarrez itxi eta aitonaren irudia datorkit, irribarretsu. Irekitzeko adorea bildutakoan, logelan naiz, neure ohean. Ametsa izan dela ondorioztatzen dut baina zalantza izpia dut barrenean, ametsak ez ote nauen garraiatu behinola aitona bizi izan zen bazter hartara, berak bizitako sufrimendua lehen eskutik ezagutu eta garai hartako Lotako familien borrokaz jabetzeko.
"Un Instante en la Oscuridad” ipuinaren bertsioa.


Uno de los cuentos premiados el 2011 en el concurso literario de la cuenca del carbón "Me lo contaron mis viejos", organizado por el Centro Cultural Pabellón 83 de Lota.