martes, 10 de septiembre de 2013

40 urte. Gau beilak egun argitan





        Todavía no hay nada que celebrar. Algunas personas, seguimos recordando...

40 urte 1973ko irailaren 11 hartatik. 40 urte ahanzturaren zurrunbiloan sarturik, nahi eta ezin batean. Irailaren 11 iristekotan da baina  orain dela tarte luzea geurera etorri da berriro ere.

40 urte zorioneko jende askorentzat; 40 urte ez deus, arrunt, zuri. 40 urte epel, gobernu berrien magalean. Askorentzat urte gehiegi historia liburu ofizialetan agertzen ez diren gertaerak gogora ekartzen jarraitzeko. Aurrera begiratzeko eskatzen dute, utz ditzagun historiak ekarritakoak alde batera, gogoratzeak ez baititu hildakoak bizitzara itzularaziko… Txile moderno eta osasuntsuaz gozatzeko gonbidapena luzatzen digute, desagertuei ezaxola.

Barkamenak noranzko bikoa dela azaldu nahi digute eta batzuk zer demontre barkatu behar duten galdetzen diote gobernuari, politikariei, hiltzaileei…auzokideari, lankideari.


Eta Txile bor-bor dabil ganoraz eta justiziaz itxi ez den kapituluan dantzan. Txilen desagertuak agertu dira herritar askoren bihotzetan; kaleetan argazki zuri beltzek irribarre lotsatia eskaintzen digute, ez nazazu ahantzi, oihukatzen dute lerroartean. Errepide bazterrean biktima berriak dakusagu, lokartuen memoriari astindu gaurkotua. Gau beilak egun argitan.

Eta hala da, Txilek ez ditu ahaztu; Santiagoko karrikak dotore jantzi dira, borrokarako prestu. Elkartasun malkoak isuri ditu Txilek 40. urtemugan, gauzak inondik ere konpondu ez diren seinale. Baina herria aurrera doa.

Argazkiak, erakusketak, memorialak, dokumentalak….Poesiak, kantuak, dantzak, musika…Herria aurrera egiteko prest dago, oraindik ez dago zer ospatua, borroka ez zen 1998an bukatu. Ez adiorik lagun eta senideei. 

Oharra: argazkiak Javier Liaño argazkilariarenak dira. 2013ko irailaren 10ean goizeko zortzi eta erdietan eginiko ekintza "baketsu" batean ateratakoak dira. Bertara ehunka lagun hurbildu dira Santiagoko kale nagusian desagertuen aldeko aldarrikapenean giza katea osatzeko. Ekintzak 11 minutu iraun ditu harik eta polizia kargatzen hasi den arte. Eskerrik asko Javi.

viernes, 6 de septiembre de 2013

Mari Mari




 Y es que  cuando saludamos en mapudungun entregamos nuestros diez dedos; dedos que llevan amor, sabiduría; dedos que siembran, dedos que trazan  y escriben la historia. Manos cuyos dedos crean musica y  aran la tierra...

Mapudungun hizkuntzan mari mari diogunean gauza ugari adierazten ari gara..Agerikoa da aurrean daukagun adiskidea agurtzen ari garena baina horrez gain, gutxienez beste hamar gauza gehiago azaltzen ari gara.
Mari hitzak hamar esan nahi du eta agurtzerakoan, hamar hatzamarrak eskaintzen dizkiogu solaskideari. Hamar hatzamarrekin batera Txarin egiten dut, hau da, lotura bat finkatzen dut; Chalin egiten dut, solaskidea agurtu, hain zuzen ere. Beste hatzamar batekin Tükun egiten dut, lurra landu eta hazia erein, adiskidetasunarena eta lurrarena. Hatzamarrekin ere Wirikan egiten dugu, idatzi, marraztu, kontatu... Eskuko hatzamarretako batekin Inmawün egiten dugu, janaria sukaldatu, prestatu, konpartitu. Ayün egiten dute hatzamarrek, maitatu egiten dute elkar, eta ondorioz, maitatzera garamatzate.


lunes, 2 de septiembre de 2013

Carandiru, Torre 5... Kartzela hilerri bilakatzen denekoa

 
1992, Sao Paolo, Brasil.
Carandiru kartzelak 5000 preso hartu ahal zituen baina sarritan, kopuruaren bikoitza ere bazuen hesien bestaldean. 1992ean Brasilen inoiz egon den matxinada handiena gertatu zen bertan preso ziren gatibu batzuen eskutik. Presondegiko guardiek ezin izan zuten egoera kontrolatu nonbait, eta militarrek kartzela erabat eurenganatu zuten orduan. Orotara, 111 lagun hil egin ziren baina hildakoen artean ez zen militar eta polizia bakar bat ere agertu, hau da, biktima guztiak Carandiru espetxeko presoak izan ziren. Afera hartatik bizirik atera zirenek zalantzan jarri zuten hildako kopurua ez ote zen ofiziala baino altuagoa izan; izan ere, preso ugari haien ziegetan izkutatzen saiatu ziren eta poliziek armarik ez zeramatenak tirokatu zituzten, besteak beste. Carandiruko presondegia 2002an eraitsi zuten, "Carandiru" izeneko filma grabatu eta gero.  Guimaraes koronelak 632 urteko kartzela zigorra jaso zuen, matxinadan gertaturiko erailketa gehienen erantzule zuzena zelakoan, baina  2006an justiziaren injustizia lagun, errugabe irten zen  sententziak akats bat edo beste zekarren eta. Urte hartan bertan koronela erail zuten. Etxeko hormak zera idatzia zuen: “aquí se hace, aquí se paga”. Ez da argitu erailketak sententzia berriak zekarrenarekin lotura daukan.

 

2010, San Miguel, Txile.
San Miguel kartzelan izandako suteak 81 preso hil zituen. Kartzelaren egoera oso kaxkarra zen eta bertan egon ahal zen preso kopuruaren bikoitza bizi zen. Istripua (?) ekidin ahal izan zen baina izorraturik zeuden suteen aurkako tresnak. Egun, emakumeentzako kartzela da.





 Kartzelek gordetzen dituzten baldintza zikinak agerian uzten dituzte bi gertaerok; biziraupena zoriaren lagun geratzen da, presoen gizatasuna ez da deus lau horma haietan. Munduak ahazturik ditu harik eta halako amesgaiztoak teleberrietako albiste bilakatzen diren arte.