martes, 14 de enero de 2014

Matalaz: ahozkotasuna eta memoria kolektiboa

1620an Zuberoak subiranotasun handia galdu zuen hasieran Pau eta ondoren Bordeauxen menpekoa izateraino. Zuberoako foruen galerak herriaren altxamendua eragin zuen;  Iruri edo Trevilleko kondeak haziendak eta gazteluak erosten hasi zen eta pixkana, lurraldearen zati handi bat eskuratu zuen. Boterearen jabe zelarik, zergak igo zituen, uztak bereganatu eta haren neurri berriekin bat ez zetozen gizon emakumeak zigortu zituen.

Nobleziak beregain hartu nahi zuen boterearen aurkako matxinada da Matalazen afera izenez ezagunagoa den gertakari hura; foruak eta xiberotarren eskubideak jokoan ziren eta laborariek aldaketa haiei aurre egin nahi izan zieten, Bernard Goihenetxe matxinadaren erreferente bilakaturik. Matalazek erregearen erabakiak aitortzen ez zituen herri administrazio paraleloa sortu zuen, Zuberoaren eskubideei eutsi nahi eta eliza eta atzerriko botereari aurre egiteko helburuez. 
Matalazekin bat egin zuen euskaldun kopuruak gora egin zuen ia 7000 lagun biltzeraino eta afera Bordeleko parlamenturaino iritsi zen; Bordelen ejerzitu indartsua bidali zuten Zuberoara eta bertan zuberotarrak zain zituzten “ herria, herria” oihukatu bitartean. Apenas zuten armarik, beraz, laster izan ziren garaituak. Hasiera batean Matalazek ihes egitea lortu zuen baina gero preso hartu zuten kide batzuekin batera.

Matalaz 1661ean Lixtarren erail zuten  eta haren burua gazteluko atean zintzilikatu zuten, eskarmentu gisa.
Matxinada bukaturik nobleziak boterea sendotu zuen eta foruak desagertuz joan ziren. Eskubideen gainbehera etorri zen orduan eta poliki-poliki foruen zilegitasunak eta botere banaketak norabide berriak hartuko dituzte, xiberutarren kalterako.

Matalazen erreboltaren berri  Etxahunek kantatutako bertsoek eman digute eta ahozkotasuna dugu kronika historiko baten berri emateko baliabideetako bat. Gerora, Etxahunen bertsoak Benito Lertxundi abeslariak musikatuko ditu eta euskal kantutegian bildurik, herriaren ahotik hartua dena herrira itzuliko da berriro. XVII. mendean gertatutako liskar hura oroimen kolektiboan gordetzeko balio izan du, eta, bide batez, euskaldunoi, bertan gertatu zena jakiteko aukera eman digu. 

                                                 "Dolü gabe hiltzen niz, 
                                        Bizia Xiberoarentako emaiten baitüt. 
                                           Agian, agian, egün batez 
                                      Jeikiko dira egiazko Xiberotarrak,
                              Egiazko eüskaldünak tirano arrotzen ohiltzeko
                                        Eta gure aiten aitek ützi daikien 
                                        Lurraren popüliari erremetitzeko."         
                                                                                                                Etxahun Iruri. XX. mendean