miércoles, 12 de febrero de 2014

Negu gorria gure gorputzetan


Negu gorria igarotzen ari gara, denborale luze eta bortitzak aspaldiko partez. Denboralea joan eta etorrian dabil Euskal Herriko kostaldean, olatu erraldoiak, triskantza. Itsasoa haserre eta bizi, oldarkor.

Baina negu gorrian gatibu daude gure gorputzak ere. Joan den otsailaren seian ablazioa eta genitalen mutilazioaren aurkako nazioarteko eguna ospatu zen. Bortizkeriak eta emakumeon aurkako erasoak erlijio eta kulturen ohitura "zaharretan" dute gordeleku epela. Klitoriaren ablazioaz ari garenean ordea, sarritan pentsatzen dugu mutilazio hura herrialde urrunetan bizi diren tribu edo komunitate basatiek burutzen dutela, gure etxetik at. Bada, urrunegi jo barik, XVIII eta XIX. mendeetan histeria edo epilepsia kasu batzuetarako Europan ablazioa erabili ohi zen sendagai gisa. Ehun milioi emakume eta neska baino gehiagok pairatu behar dute ohituratzat hartua den erasoa eta hainbat lekutan ohiturari eutsi eta neskatoei berdin aplikatzen diete, izan zortzi edo hamar urte. Aztoraturik irakurriko ditugu testigantza eta salaketak baina sakonean hausnarketa beste bat dela uste dut: emakumeoi gozatzea ( eta gozamena) galaraztea. Eraso zuzena da hura, lasterbiderik behar izan ez duena. Emakumeok bizitzan dugun betebeharrari erantzutea beste ofizio eta afiziorik ez dugula dirudi.

Negu gorria gure obarioetaraino iritsi da eta bertan hartu du ostatu, ametsgaizto eta minbizi. Burmuina eta hankartea usteldurik duen gizon batek gure gorputza bereganatu nahi du, justizia eta bizitzeko eskubidearen izenean. Amen.
Amatasunaz hausnartzeko aukerarik ere ez digu eman. Gure gorputza askatasunez bizi eta gozatzeko bidea hautsi digu, atzera egin dugu lotsagabe, patriarkatuaren izenean. Amen.

Baina nolakoak diren gauzak, auzi batean zein bestean emakumeon erabakitzeko eskubidea eta askatasuna baldintzaturik dakusagu eta ostera ere hizki xehean bestelako mezua irakurtzea dago, alegia, jainkoak emakumeok seme alabak erditzera ekarri gintuela mundura. 
 Emakume eta gizon ugari Espainiak martxan jarriko duen lege erreformaren aurka azaldu da. Kaleak more kolorez busti dira, berba haserretuak irten dira eztarri suminduetatik. Entzungor dabiltza kontserbadoreak, orain dela hogeita hamar urte haiek galdu eta jendarteak irabazi zituen eskubideak komuneko zulotik behera botatzekotan daude eta bizitzaren aldeko apostuari heldu nahi diote modu dexente xelebreaz. Bien bitartean, penintsularen hegoaldean bestelako leloa darabilte, lur muturraren bestaldean bizi diren lagunen bizitza ez baita eskubide izatera ere iristen.
Demagogiak, hipokresiak eta ideologia sexistak boterearen atzamar guztiak pozoindu ditu. 


Ni ez naiz inorena eta inor ez da nirea; ni emakumea naiz, emakume askea.
Ez naiz inorena eta inor ez da nirea!#askida#borroka#emakumea#askea#feminismoa#EH