viernes, 4 de abril de 2014

Lurrikarak eta boterea



Txilen lurrikarak bizitzera ohituta daude; haiek lurrikarak eta ikaraldiak bereizten dituzte. 
Lurrikarak 7 gradutik gorakoak izan ohi dira latitude honetan, gainontzekoak, lurraren ikara ttipiak besterik ez.
2010eko lurrikararen ostean iritsi nintzen Txilera. Urtebete beranduago, hain zuzen ere. Gertatutako triskantza eta istripuak jendearen ahotan zeuden, lagun askorentzat benetan gatza suertatu zela gau hura. Ikarak lurra ia 9 gradu astindu zituen eta tsunamia hegoaldeko kostaldera iritsi zen, tartean gobernu eta militarren erabaki polemikoak gorabehera. Ordutik hona hamaika ikara sentitu ditut. Gogoan dut lehenbizikoan ohean erdi lo nengoela, ametsetan; lurrikara metroa zela pentsatu nuen subkontzientean nuen pelikula hartan, metroa nire ohearen azpitik pasatzen zela. Apalategien dantzak esnatu ninduen. Kontxo, ez dago metrorik beheko solairuan, ñuke mapu ere lozorrotik esnatu da. Esan beharra dago ordea, eraikuntzak munduko edozein lekutan baino ziurragoak direna, munduko leku ziurrenetakoa da Txile lurrikara bat bizitzeko. Tira, gaitzerdi!

Lau urte igaro dira lurrikara handi hartatik; 50 urte inguruko lasaialdia zetorren txiletarrentzako. Alta,  herriaren iparraldean lurrikara gogor baten zain ziren eta gertatu da. Zorionez, epizentroa itsasoan izan da eta hirietan ez da aparteko triskantzarik gertatu baina ostera ere tsunami arriskua sortu eta ordu batzuk beranduago olatu bat iparraldeko herrietaraino iritsi da. Jendea jakitun zelarik mendialdera ihes egin du, arrisku eremutik urrundurik. Lurrikarak kaosa eragin du zenbait lekutan eta lotsabako batzuk egoeraz baliatu dira lapurretak zein arpilatzeak egiteko eta egoerari errentagarritasuna ateratzeko, neoliberalismoaren izenean. Hartara, LAN hegazkin konpainiak iparralderako bidaien prezioak hirukoiztu ditu eta Alto Hospicioko oinarrizko elikagaien prezioak ia laukoiztu dituzte. Kausalidadez, Alto Hospicio iparraldeko komunarik txiroena da eta ezagunak dira alkate eta polizien ustelkeria kasuak eta bortxaketa sistematikoak;  ura eta argindarrik gabe jarraitzen dute bertako biztanle ugarik eta herriraino doan errepidea moztuta dago lubizien ondorioz.

Iquique kostaldeko herri turistikoa da eta bertako bizilagun ugarik etxetik alde egin behar izan zuten tsunami arriskua iragarri bezain laster. Arrisku eremuan, itsasaldetik gertu, bada emakume kartzela; ataka larrian egon dira presondegiko funtzionarioak, izan ere, bertako presoek kartzelatik alde egin behar zuten, hura  ez baitzen leku ziurra. Emakumeak matxinatu egin ziren: “leku ziur batera alde egingo dugu zuek nahi edo ez; tirokatu gaitzazue baina joan, joan egingo gara”, argi mintzatu ziren emakumeak. Muturreko egoera horren aurrean funtzionarioek presondegiko ateak zabaldu zituzten eta 294 presok “ihes” egin zuten. Alarma gorria piztu da komunikabideetan eta gizatasun keinua ( sen ona, esango nuke) izan beharrean, demokrazia eta segurtasun nazionalaren aurkako ekintzatzat hartu dute sasi politikari eta sasi kazetari batzuk. Kontua da 294 preso haietatik 141 haien kabuz itzuli zirela kartzelara tsunami arriskua desagertutakoan, 101 presoren bila daude eta 52 berriro atxilotu dituzte. Segurtasun nazionalaren aurkako erasoak beste batzuk direla uste dut, alegia, supermerkatuak militarrez lepo egotea balizko lapurretak ekiditeko eta bien bitartean, oinarrizko beharrizanak erdiesteko oztopoak biderkaturik, eskualdetako arduradunek egoera konpontzen laguntzeko keinu bakarra ez egitea.