viernes, 12 de septiembre de 2014

Txile 1973-2014. Harmailen memoria, gure memoria








Irailak hamaika izan ditu gaur, egun berezia Txilen. Gaur Pinochetek Txilen estatu kolpea eman zuenetik 41 urte   iragan dira. Salvador Allende erail zuten orduan, eta harekin batera herria eraikiz zihoan amets ugari lurperatu zituzten. Allendek herri sozialista zuen amets eta helburu, umeek ogi zatirik faltan ez izateko borrokatu zuen, denek eduki behar zuten ikasteko eskubidea, literatura, musika, artea….oinarrizko beharrizanak bilakatu zituen, herritarren eskura. Elkartasuna ardatz harturik harilkatu nahi zituen politika guztiak, garraioa, langile eskubideak, elikadura subiranotasuna. Ez ziren gehiago hitz arrotzak izango, herriarentzako izango ziren denak. Amets hura 1973ko irailaren eguerdi hartan zapuztu zen. Bonbardaketa La Monedan eta kea behelainopean. Betaurreko hautsiak ametsekin batera, azken berba duinak presidentearen diskurtsoan ” zuengana zuzentzen natzaizue azken mezua izan daitekeen honetan, zuengana langile, ikasle, gizon, emakume, nekazari, idazle…” Estadio Nacional belodromoak urterik urte egun hura berreskuratu eta oilo ipurdiak gorputza astintzen du. Bihotzetik begietara, begietatik lurrera doaz ihesi malko lotsatiak. Hotzikara. Historia.

 Atxilotu eta preso politikoek haien lekukotza kontatu didate argazki matean. Gorputza zimurtuago: 41 urte joan dira. Bizitakoa ordea presente dute denboran aurrera egin arren. Bidaialagun asko errepide bazterrean geratu zaizkie. Haiek entzun eta norberaren gorputz zati bat desagertuen koxka bilakatu da, lepoa uzkurturik, oin puntak hotz.
E.N zelaiak ia 50.000 lagun hartzeko gaitasuna du, eserlekuetan jarrita, hamarkada batzuk lehenago ez bezala. Aulkiak ditu ezker eskuin. Baina bada jesarri ezin daitekeen harmaila zatia; atxilotuen bizileku izan zen luzaroan, izua, amorrua eta minaren harmaila da. Memoriarena ere. Ezen memoriak sufrimendu hura munduan ezagutarazi eta lekuko iraunkortzat hartu du.
Harmaila zorigaizto hauetan jesarrita idazten ari naiz lerro okertu hauek, urteurrenerako bereziki zabalduak. Emakume batzuk atzerago dira, maputxeraz kantuan, gozo. Oilo ipurdia berriro ere, zimurdura berria gorputzean.
Ama gazte batek kandela bat piztu du nire alboan, alabarekin mintzo da: harmaila hauetan torturatu eta desagertuak jesarri ziren azkenekotz – txikitxoei azaldu die-, eta egun, memoriaren lekuko gisa harmailek bere horretan diraute, berriztu barik, duela 41 urte bezala. Pittin bat ez deusago sentitu naiz, baina halakoak sentitu behar ditudala ulertu dut orduan, memoriak bere lana ondo egina duen seinale, desagertu eta torturatuak gure baitan bizi diren seinale, justizia egin eta hura lortu bitartean bederen. Ostean, memoriak leku atseginago batean gordeko ditu.