Txilen lurrikarak bizitzera ohituta daude; haiek lurrikarak eta
ikaraldiak bereizten dituzte.
Lurrikarak 7 gradutik gorakoak izan ohi
dira latitude honetan, gainontzekoak, lurraren ikara ttipiak besterik
ez.
2010eko lurrikararen ostean iritsi nintzen Txilera. Urtebete
beranduago, hain zuzen ere. Gertatutako triskantza eta istripuak
jendearen ahotan zeuden, lagun askorentzat benetan gatza suertatu zela
gau hura. Ikarak lurra ia 9 gradu astindu zituen eta tsunamia hegoaldeko
kostaldera iritsi zen, tartean gobernu eta militarren erabaki
polemikoak gorabehera. Ordutik hona hamaika ikara sentitu ditut. Gogoan
dut lehenbizikoan ohean erdi lo nengoela, ametsetan; lurrikara metroa
zela pentsatu nuen subkontzientean nuen pelikula hartan, metroa nire
ohearen azpitik pasatzen zela. Apalategien dantzak esnatu ninduen.
Kontxo, ez dago metrorik beheko solairuan, ñuke mapu ere
lozorrotik esnatu da. Esan beharra dago ordea, eraikuntzak munduko
edozein lekutan baino ziurragoak direna, munduko leku ziurrenetakoa da
Txile lurrikara bat bizitzeko. Tira, gaitzerdi!
Lau urte igaro dira lurrikara handi hartatik; 50 urte inguruko
lasaialdia zetorren txiletarrentzako. Alta, herriaren iparraldean
lurrikara gogor baten zain ziren eta gertatu da. Zorionez, epizentroa
itsasoan izan da eta hirietan ez da aparteko triskantzarik gertatu baina
ostera ere tsunami arriskua sortu eta ordu batzuk beranduago olatu bat
iparraldeko herrietaraino iritsi da. Jendea jakitun zelarik mendialdera
ihes egin du, arrisku eremutik urrundurik. Lurrikarak kaosa eragin du
zenbait lekutan eta lotsabako batzuk egoeraz baliatu dira lapurretak
zein arpilatzeak egiteko eta egoerari errentagarritasuna ateratzeko,
neoliberalismoaren izenean. Hartara, LAN hegazkin konpainiak
iparralderako bidaien prezioak hirukoiztu ditu eta Alto Hospicioko
oinarrizko elikagaien prezioak ia laukoiztu dituzte. Kausalidadez, Alto
Hospicio iparraldeko komunarik txiroena da eta ezagunak dira alkate eta
polizien ustelkeria kasuak eta bortxaketa sistematikoak; ura eta
argindarrik gabe jarraitzen dute bertako biztanle ugarik eta herriraino
doan errepidea moztuta dago lubizien ondorioz.
Iquique kostaldeko herri turistikoa da eta bertako bizilagun ugarik
etxetik alde egin behar izan zuten tsunami arriskua iragarri bezain
laster. Arrisku eremuan, itsasaldetik gertu, bada emakume kartzela;
ataka larrian egon dira presondegiko funtzionarioak, izan ere, bertako
presoek kartzelatik alde egin behar zuten, hura ez baitzen leku ziurra.
Emakumeak matxinatu egin ziren: “leku ziur batera alde egingo dugu zuek
nahi edo ez; tirokatu gaitzazue baina joan, joan egingo gara”, argi
mintzatu ziren emakumeak. Muturreko egoera horren aurrean funtzionarioek
presondegiko ateak zabaldu zituzten eta 294 presok “ihes” egin zuten.
Alarma gorria piztu da komunikabideetan eta gizatasun keinua ( sen ona,
esango nuke) izan beharrean, demokrazia eta segurtasun nazionalaren
aurkako ekintzatzat hartu dute sasi politikari eta sasi kazetari batzuk.
Kontua da 294 preso haietatik 141 haien kabuz itzuli zirela kartzelara
tsunami arriskua desagertutakoan, 101 presoren bila daude eta 52 berriro
atxilotu dituzte. Segurtasun nazionalaren aurkako erasoak beste batzuk
direla uste dut, alegia, supermerkatuak militarrez lepo egotea balizko
lapurretak ekiditeko eta bien bitartean, oinarrizko beharrizanak
erdiesteko oztopoak biderkaturik, eskualdetako arduradunek egoera
konpontzen laguntzeko keinu bakarra ez egitea.