![](https://blogger.googleusercontent.com/img/b/R29vZ2xl/AVvXsEhoimb1uGG-qba5wHAwZeXl0-ThsIfBOtkB0AUmYZ3sHBwIg3sK3C0QjTHPRlOFEKdBsXnfsplwAJgWUtSwnAce-bee_Fr3wuMlzH5m8y7_1g5qbsvK2W-9Ic983z5m3qgoE9_I6Z4rlX8/s1600/Brigadas+Ramona+Parra.jpg)
Irailak hamaika izan
ditu gaur, egun berezia Txilen. Gaur Pinochetek Txilen estatu kolpea
eman zuenetik 41 urte iragan dira. Salvador Allende erail zuten
orduan, eta harekin batera herria eraikiz zihoan amets ugari lurperatu
zituzten. Allendek herri sozialista zuen amets eta helburu, umeek ogi
zatirik faltan ez izateko borrokatu zuen, denek eduki behar zuten
ikasteko eskubidea, literatura, musika, artea….oinarrizko beharrizanak
bilakatu zituen, herritarren eskura. Elkartasuna ardatz harturik
harilkatu nahi zituen politika guztiak, garraioa, langile eskubideak,
elikadura subiranotasuna. Ez ziren gehiago hitz arrotzak izango,
herriarentzako izango ziren denak. Amets hura 1973ko irailaren eguerdi
hartan zapuztu zen. Bonbardaketa La Monedan eta kea behelainopean.
Betaurreko hautsiak ametsekin batera, azken berba duinak presidentearen
diskurtsoan ” zuengana zuzentzen natzaizue azken mezua izan daitekeen
honetan, zuengana langile, ikasle, gizon, emakume, nekazari, idazle…” Estadio Nacional
belodromoak urterik urte egun hura berreskuratu eta oilo ipurdiak
gorputza astintzen du. Bihotzetik begietara, begietatik lurrera doaz
ihesi malko lotsatiak. Hotzikara. Historia.
Atxilotu eta preso politikoek haien lekukotza kontatu didate argazki
matean. Gorputza zimurtuago: 41 urte joan dira. Bizitakoa ordea
presente dute denboran aurrera egin arren. Bidaialagun asko errepide
bazterrean geratu zaizkie. Haiek entzun eta norberaren gorputz zati bat
desagertuen koxka bilakatu da, lepoa uzkurturik, oin puntak hotz.
E.N zelaiak ia 50.000 lagun hartzeko
gaitasuna du, eserlekuetan jarrita, hamarkada batzuk lehenago ez bezala.
Aulkiak ditu ezker eskuin. Baina bada jesarri ezin daitekeen harmaila
zatia; atxilotuen bizileku izan zen luzaroan, izua, amorrua eta minaren
harmaila da. Memoriarena ere. Ezen memoriak sufrimendu hura munduan
ezagutarazi eta lekuko iraunkortzat hartu du.
Harmaila zorigaizto hauetan jesarrita
idazten ari naiz lerro okertu hauek, urteurrenerako bereziki zabalduak.
Emakume batzuk atzerago dira, maputxeraz kantuan, gozo. Oilo ipurdia
berriro ere, zimurdura berria gorputzean.
![](https://blogger.googleusercontent.com/img/b/R29vZ2xl/AVvXsEi4lk4OdprNKVFAjWtEVY9WNpgXsCqX3tXo8cW5i4LsRaZZGNaSZ9elMTZqV-9PNieozQvkTERq4donAcz_9D-lG7Y69Rf6o1shs_w8ooW9yft5SqctzMwdOdLNTKyTkj3WKKFBC7yt8Po/s1600/Allenderen+betaurrekoak.jpg)
Ama gazte batek kandela bat piztu du nire
alboan, alabarekin mintzo da: harmaila hauetan torturatu eta desagertuak
jesarri ziren azkenekotz – txikitxoei azaldu die-, eta egun, memoriaren
lekuko gisa harmailek bere horretan diraute, berriztu barik, duela 41
urte bezala. Pittin bat ez deusago sentitu naiz, baina halakoak sentitu
behar ditudala ulertu dut orduan, memoriak bere lana ondo egina duen
seinale, desagertu eta torturatuak gure baitan bizi diren seinale,
justizia egin eta hura lortu bitartean bederen. Ostean, memoriak leku
atseginago batean gordeko ditu.