Todavía no hay nada que celebrar. Algunas personas, seguimos recordando...
40 urte 1973ko irailaren 11
hartatik. 40 urte ahanzturaren zurrunbiloan sarturik, nahi eta ezin batean.
Irailaren 11 iristekotan da baina orain
dela tarte luzea geurera etorri da berriro ere.
40 urte zorioneko jende
askorentzat; 40 urte ez deus, arrunt, zuri. 40 urte epel, gobernu berrien
magalean. Askorentzat urte gehiegi historia liburu ofizialetan agertzen ez
diren gertaerak gogora ekartzen jarraitzeko. Aurrera begiratzeko eskatzen dute,
utz ditzagun historiak ekarritakoak alde batera, gogoratzeak ez baititu
hildakoak bizitzara itzularaziko… Txile moderno eta osasuntsuaz gozatzeko gonbidapena
luzatzen digute, desagertuei ezaxola.
Barkamenak noranzko bikoa dela
azaldu nahi digute eta batzuk zer demontre barkatu behar duten galdetzen diote
gobernuari, politikariei, hiltzaileei…auzokideari, lankideari.
Eta Txile bor-bor dabil ganoraz
eta justiziaz itxi ez den kapituluan dantzan. Txilen desagertuak agertu dira
herritar askoren bihotzetan; kaleetan argazki zuri beltzek irribarre lotsatia
eskaintzen digute, ez nazazu ahantzi, oihukatzen dute lerroartean. Errepide bazterrean
biktima berriak dakusagu, lokartuen
memoriari astindu gaurkotua. Gau beilak egun argitan.
Eta hala da, Txilek ez ditu
ahaztu; Santiagoko karrikak dotore jantzi dira, borrokarako prestu. Elkartasun
malkoak isuri ditu Txilek 40. urtemugan, gauzak inondik ere konpondu ez diren
seinale. Baina herria aurrera doa.
Argazkiak, erakusketak,
memorialak, dokumentalak….Poesiak, kantuak, dantzak, musika…Herria aurrera
egiteko prest dago, oraindik ez dago zer ospatua, borroka ez zen 1998an bukatu.
Ez adiorik lagun eta senideei.
Oharra: argazkiak Javier Liaño argazkilariarenak dira. 2013ko irailaren 10ean goizeko zortzi eta erdietan eginiko ekintza "baketsu" batean ateratakoak dira. Bertara ehunka lagun hurbildu dira Santiagoko kale nagusian desagertuen aldeko aldarrikapenean giza katea osatzeko. Ekintzak 11 minutu iraun ditu harik eta polizia kargatzen hasi den arte. Eskerrik asko Javi.