1960, Dominikar Errepublika.
Leonidas Trujillok gidatutako
diktadurak Mirabal ahizpak erail zituen azaroaren 25ean. Egun hura
hautatu dute emakumeok pairatzen dugun era guztietako bortizkeria
salatzeko.
2014, Txile.
Azarora arte 56 femizidio eta beste 100 saiakera.
Azarora arte 56 femizidio eta beste 100 saiakera.
Azaroaren 25ean emakumeon aurkako bortizkeria salatzeko nazioarteko
eguna ospatu zen eta horren harira, jarduera ugari antolatu zituzten
munduko hainbat hiriburu, herri eta auzotan.
Gauza berezia da halako aferak salatzeko
elkartzen garenok transmititzen dugun energia. Alameda morez blaitu
genuen eta amorruaren ordez, gauzak aldatzeko indar handiagoa bildu
genuen. Horixe komentatu nuen eskola feministako kide batzuekin, zein
erraza den komunikazioa, zein erraza den elkar ulertzea gure artean.
Astegun zuria zen, arratsaldez, auto eta jende gehien ibiltzen den
unea; nekez iritsi ahal izan nintzen elkarretaratzea hasi behar zen
lekura, ehunka, milaka lagun lanetik ihesi, autoilarak, sargoria eta
hiriaren distantziak. Kaosa. HItzordura iritsi eta oasi txiki batean
nintzela zirudien, txarangak, musika, pankartak, mezuak…. bizipoza eta
aldarrikapena eskutik helduta, ondo!
Biharramunean, elkarretaratzearen argazki bila ari nintzela, auzo
batean bikotekideak eraildako emakumearen albistea irakurri nuen.
Beheraxeago, letra xehean, bi neskatoek pairatutako bortxaketa saiakera.
Beste komunikabide batean antzeko kasuak irakurri nituen, herrialde
ezberdinetan jazoak. Iturriz aldatu eta berdin antzera, jipoiak, inora
ez doazen salaketa kasuak, femizidio gehiago.
Azaroaren 3oean futbol partida bat jokatu zuten Madrilen. Galiziako
jarraitzaile batzuk busean joan ziren Madrileraino. Bertan, faxista
talde bat zain zuten, ongi antolatuak , borrokarako prest. Eraso
horretan Galiziako lagun bat erail zuten; handik ordu bira bi taldeek
partida jokatu zuten. Bien bitartean, erailketaren berri ematen hasi
ziren: jendea asaldatuta zegoen. “Nola da posible? faxistak putakume hutsak dira, polizia…ere bai. Hau lotsa, halakoak gertatu behar izatea ere….”
Komunikabideetan albiste nagusia izan da; faxistak eta biolentoak
futbol zelaietatik kanporatzeko neurriak aztertzen ari dira,
jendarterako arriskutsuak direlakoan.
Bateria agortzeko daukat ordenagailuan. Erail edo/eta erasotzen duten
emakume bakoitzarekin instituzioetatik erantzun bera jasoko
bagenu…..zer…….?
No hay comentarios:
Publicar un comentario