Estratosferan harrapatu nau urte aldaketak. Gorputza epel nuen
latitude honetan, udagiroan sarturik egon arren, termometroak bakea eman
digu ia urte amaierara arte. Bidaia triste batek kontinentez aldarazi
nau egun batzuez eta gorputza irauli egin dit zeharo. Txankletak
aireportuan ahaztu eta neguko botak jantzi ditut, oinak beti bero
mantendu behar dira.
Gabon hotzak iparraldean, haizea eta
euria. Izotza errepideetan, elurra mendialdean; argazki ederra, bai,
tarteka deserosoa ere. Kaleak jendez mukuru, azken eguneko erosketak
eta estresa. Txano gorridun bizardunaren ordez, ikazkina Euskal Herriko
etxeetan gezur batzuk eta ilusio ugari banatzen ibili da urtero lez.
Sargori
esnatu da hego hemisferioa, aita Noel paseoan ibili da izerditan blai,
merkataritza zentroak jendez gainezka, kolore guztietako opari
ganorabakoak. Urte batzuk atzera, palmondoak kale nagusian eta neguko
arropaz jantzitako enparauaren argazkia ezin uler nezakeen, harik eta
neure begiek urte batean bai eta bestean ere bai, aurrez aurre topatu
duten arte.
Kreditu txartel asko dardarka gelditu dira bi hemisferioetako poltsikoetan.
Urte
zaharra atzean utzi eta zenbaki berria sartu zaigu egutegian. Ez da
beste ezer aldatu baina urtarrilaren lehenbiziko egunarekin batera,
hegoaldera iritsi berri naizela, Espainiako telebista kate batean 2014ko
azken gauaren 12 kanpai-hotsen agurra diferituan ikusi dut. Glamurra
eta festa giroaren erdian, euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko keinu
ederra, originala eta beharrezkoa.
34 gradutan naiz hemen, han, 3 inguru. Bi etxeetako termometroek gradu pare bat gora egin dute urteberrian.
No hay comentarios:
Publicar un comentario