jueves, 1 de septiembre de 2011

HIZKUNTZEN INTERNAZIONALIZAZIOA


 Que te hablen en tu propia lengua es como que te abracen.
Lio, cantante portuguesa


Askotan pentsatzen dut non nagoen. Eta zertan. Askotan ideien zurrunbiloan galdu egiten naiz eta ez dut ezer ulertzen. Klaseak ikasleez beterik, euskara ikasteko irrikitan. Ilusioz.
Eta neure herriaren enbaxadore txiroa sentitzen naiz orduan. Mapari begira jartzen naiz eta "neure" herri batetik bestera joateko distantzia itsasoan ito egiten zait. Urrun nago, aizu.
Besozabalik hartzen zaituzte ikasleek, goxoki berria dastatzeak sorrarazten duen zirrarak dir-dir egiten die begietan eta ni pozez betetzen nau horrek. Baina soka luzeak urradurak dakartza..
Hamar mila kilometroko distantzia zeharkatu dut neu naizenaren zatitxo bat herri honi eskaintzeko asmoz, eta era berean, galtzeko arriskuan dagoen hizkuntza hori berori ( klasean erakusten ari naizena, bai) etxean utzi dut.
Besarkada bailitzan hartzen dut ikasle bakoitzak euskaraz botatzen didan hitza...bihotza handitu egiten zait hizkuntzaren ezagutzan gehiago sakondu nahi dutela eskatzen didatenean. Elkarrekin kantatzen dugu, elkarrekin jolastu: euskaraz.
Etxera itzultzen naiz askotan, teknologia berrien abantailak, nonbait. Zer berri dagoen jakin gurean emailak eta egunkariak arakatzen ditut, besteak beste. Gure herri txikia  herri erdaldun askok inguratzen dute.
 Hiru orduko distantzia kurritzen dut Euskal Herritik erdal herri batera jotzeko. ZEnbat autonomia erkidego gehiago ditu estatu espainolak? zenbat hizkuntza ofizial daude estatuan? Pena sartu zait odolean.
Munduan gure hizkuntza ezagutarazteko ehun eta bi antzezlan, proiektu eta bidaia egiten dugu, gure hizkuntza ez dugu plazara ateratzen, munduko beste estratosferara baizik, baina bidaia txiki haietan murgildurik, auzokidea "egun on" duina esateko gauza ere ez da. Okerrena zera da: ikasteko inolako interesik erakusten ez dutela, ingelesa, alemanera edo frantsesa ikasten itsuturik ei daude.
Internazionalizazioak ez du hizkuntza gutxitua salbatuko. Munduari erakustea gauza polita da, baina errekonozimendua lortze aldera, hizkuntza txikiak nazionalizatu beharko lirateke, hau da, estatuko hizkuntza ofizial guztiak estatu espainol guztian irakatsi beharko lirateke, alegia, errespetuzko keinua ( besarkada) erakutsi parean daukagun auzokideari. Galiziara joan eta muitas graças irribarretsua oparitu; Bona nit gosetia eskaini jatetxeko langileari eta begiak zabaldu penintsulako bazter askotan egun batean hizkuntza bizirik izan zuten lekuari, haren ondarrak dastatzeko besterik ez bada ere.

No hay comentarios:

Publicar un comentario