lunes, 29 de agosto de 2011

Arritmiak eta barreterapia

Gauza asko ikasten ari naizela ezin uka badezaket ere, beste horrenbeste barneratzeko lanak egin beharko ditut..

Sorbalda goitik behera mindurik daukat eta atsedena hartzeko garaia dela oihukatu dit gorputzak. Ipurterre honek ez duenez geldirik egoterik, kontu ustez lasaiago batzuetara jotzeko baliatu dut neure enegarren lesioa.

ETxeko blokean badira dantza klaseak. Denetarikoak..saltsa, sabel dantza, afrikarra, cumbia....Joño, aukera ezin egokiagoa gorputza eta musikarekin jolasteko. Ja! hori uste nuen nik..
Bazkalostean pozik igo naiz hamaikagarren solairura. Pozik jo dut klasera sartzeko atea. Pittin bat urduri ere banintzen, bertan nor eta zer egongo zen pentsaturik. Hiru  emakume ziren gela barruan. Laugarrena irakaslea. ETa azkena ni neu, bost, orotara.
Gorputzaren erabateko hondamendia etorri da orduan. Gorputz atal bakoitza bere kabuz mugitu behar zen ( eta kordinatu, aizu!). Ordura arte ezagun ez nituen giharrak aurkeztu zaizkit artikulazio herdoilduen zarataz lagundurik. Okerrena nire arritmia izan da..bihotzarena ez, neurea propio. Hara, zelango plana! Gorputza erlajatu eta atsedena hartuko nuelakoan, bada, are okerrago irten naiz klasetik..lotsa aspaldi utzia nuen geltoki zahar batean..akaso horrek klasea bukatzeko duintasuna eman dit.
Emakume haien dantza-klase arrunta barre terapia bilakatu dut nik. Ezin barreari eutsi irakasleak mugimendu berria erakusten zuenean. Ispiluz inguraturik ginen eta angelu guztietatik nuen ikusgai nire gorputz traketsa. Negarguraren ordez, barre algaraka hasi naiz! neure buruari barre egin diot ia ordubetez! Okerrena izan da ikaskideak despistatzen nituela..haiek ezkerretara  egin eta ni saltoka hasi, aldaka dislokatu eta nik belauna altxatu.. nire gorputza bere kabuz hasi da mugitzen, niri jaramonik egin gabe..
Bi edo hiru aldiz lortu dut gorputza eta musika, biak irakasleak esan bezala, kordinatzea. Orduan erlajatu naiz. Hiru segunduko plazerra sentitu dut.


2 comentarios:

  1. Ze polita! Honela jokatu behar dugu: barreska, saltoka, musika gure modura somatzen eta batez ere, gorputza libre utziz.

    Me encantó tu clase de baile, Latxu. Eso de reconvertir terapias y aceptar las "arritmias" me parece de lo más sabroso que hay y de lo más sano. Te lo dice una "torpe" a la que le encanta bailar (a solas, claro)

    Muxu!!

    ResponderEliminar
  2. Bego! terapia ona da, inondik ere! biba torpeak!!
    Mosu

    ResponderEliminar