martes, 10 de septiembre de 2013

40 urte. Gau beilak egun argitan





        Todavía no hay nada que celebrar. Algunas personas, seguimos recordando...

40 urte 1973ko irailaren 11 hartatik. 40 urte ahanzturaren zurrunbiloan sarturik, nahi eta ezin batean. Irailaren 11 iristekotan da baina  orain dela tarte luzea geurera etorri da berriro ere.

40 urte zorioneko jende askorentzat; 40 urte ez deus, arrunt, zuri. 40 urte epel, gobernu berrien magalean. Askorentzat urte gehiegi historia liburu ofizialetan agertzen ez diren gertaerak gogora ekartzen jarraitzeko. Aurrera begiratzeko eskatzen dute, utz ditzagun historiak ekarritakoak alde batera, gogoratzeak ez baititu hildakoak bizitzara itzularaziko… Txile moderno eta osasuntsuaz gozatzeko gonbidapena luzatzen digute, desagertuei ezaxola.

Barkamenak noranzko bikoa dela azaldu nahi digute eta batzuk zer demontre barkatu behar duten galdetzen diote gobernuari, politikariei, hiltzaileei…auzokideari, lankideari.


Eta Txile bor-bor dabil ganoraz eta justiziaz itxi ez den kapituluan dantzan. Txilen desagertuak agertu dira herritar askoren bihotzetan; kaleetan argazki zuri beltzek irribarre lotsatia eskaintzen digute, ez nazazu ahantzi, oihukatzen dute lerroartean. Errepide bazterrean biktima berriak dakusagu, lokartuen memoriari astindu gaurkotua. Gau beilak egun argitan.

Eta hala da, Txilek ez ditu ahaztu; Santiagoko karrikak dotore jantzi dira, borrokarako prestu. Elkartasun malkoak isuri ditu Txilek 40. urtemugan, gauzak inondik ere konpondu ez diren seinale. Baina herria aurrera doa.

Argazkiak, erakusketak, memorialak, dokumentalak….Poesiak, kantuak, dantzak, musika…Herria aurrera egiteko prest dago, oraindik ez dago zer ospatua, borroka ez zen 1998an bukatu. Ez adiorik lagun eta senideei. 

Oharra: argazkiak Javier Liaño argazkilariarenak dira. 2013ko irailaren 10ean goizeko zortzi eta erdietan eginiko ekintza "baketsu" batean ateratakoak dira. Bertara ehunka lagun hurbildu dira Santiagoko kale nagusian desagertuen aldeko aldarrikapenean giza katea osatzeko. Ekintzak 11 minutu iraun ditu harik eta polizia kargatzen hasi den arte. Eskerrik asko Javi.

1 comentario: