lunes, 2 de septiembre de 2013

Carandiru, Torre 5... Kartzela hilerri bilakatzen denekoa

 
1992, Sao Paolo, Brasil.
Carandiru kartzelak 5000 preso hartu ahal zituen baina sarritan, kopuruaren bikoitza ere bazuen hesien bestaldean. 1992ean Brasilen inoiz egon den matxinada handiena gertatu zen bertan preso ziren gatibu batzuen eskutik. Presondegiko guardiek ezin izan zuten egoera kontrolatu nonbait, eta militarrek kartzela erabat eurenganatu zuten orduan. Orotara, 111 lagun hil egin ziren baina hildakoen artean ez zen militar eta polizia bakar bat ere agertu, hau da, biktima guztiak Carandiru espetxeko presoak izan ziren. Afera hartatik bizirik atera zirenek zalantzan jarri zuten hildako kopurua ez ote zen ofiziala baino altuagoa izan; izan ere, preso ugari haien ziegetan izkutatzen saiatu ziren eta poliziek armarik ez zeramatenak tirokatu zituzten, besteak beste. Carandiruko presondegia 2002an eraitsi zuten, "Carandiru" izeneko filma grabatu eta gero.  Guimaraes koronelak 632 urteko kartzela zigorra jaso zuen, matxinadan gertaturiko erailketa gehienen erantzule zuzena zelakoan, baina  2006an justiziaren injustizia lagun, errugabe irten zen  sententziak akats bat edo beste zekarren eta. Urte hartan bertan koronela erail zuten. Etxeko hormak zera idatzia zuen: “aquí se hace, aquí se paga”. Ez da argitu erailketak sententzia berriak zekarrenarekin lotura daukan.

 

2010, San Miguel, Txile.
San Miguel kartzelan izandako suteak 81 preso hil zituen. Kartzelaren egoera oso kaxkarra zen eta bertan egon ahal zen preso kopuruaren bikoitza bizi zen. Istripua (?) ekidin ahal izan zen baina izorraturik zeuden suteen aurkako tresnak. Egun, emakumeentzako kartzela da.





 Kartzelek gordetzen dituzten baldintza zikinak agerian uzten dituzte bi gertaerok; biziraupena zoriaren lagun geratzen da, presoen gizatasuna ez da deus lau horma haietan. Munduak ahazturik ditu harik eta halako amesgaiztoak teleberrietako albiste bilakatzen diren arte. 




No hay comentarios:

Publicar un comentario