jueves, 1 de enero de 2015

Termometroa



Estratosferan harrapatu nau urte aldaketak. Gorputza epel nuen latitude honetan, udagiroan sarturik egon arren, termometroak bakea eman digu ia urte amaierara arte. Bidaia triste batek kontinentez aldarazi nau egun batzuez eta gorputza irauli egin dit zeharo. Txankletak aireportuan ahaztu eta neguko botak jantzi ditut, oinak beti bero mantendu behar dira.
Gabon hotzak iparraldean, haizea eta euria. Izotza errepideetan, elurra mendialdean; argazki ederra, bai, tarteka deserosoa ere.  Kaleak jendez mukuru, azken eguneko erosketak eta estresa. Txano gorridun bizardunaren ordez, ikazkina Euskal Herriko etxeetan gezur batzuk eta ilusio ugari banatzen ibili da urtero lez. 

Sargori esnatu da hego hemisferioa, aita Noel paseoan ibili da izerditan blai, merkataritza zentroak jendez gainezka, kolore guztietako opari ganorabakoak. Urte batzuk atzera, palmondoak kale nagusian eta neguko arropaz jantzitako enparauaren argazkia ezin uler nezakeen, harik eta neure begiek urte batean bai eta bestean ere bai, aurrez aurre topatu duten arte.
Kreditu txartel asko dardarka gelditu dira bi hemisferioetako  poltsikoetan.

Urte zaharra atzean utzi eta zenbaki berria sartu zaigu egutegian. Ez da beste ezer aldatu baina urtarrilaren lehenbiziko egunarekin batera,  hegoaldera iritsi berri naizela, Espainiako telebista kate batean 2014ko azken gauaren 12 kanpai-hotsen agurra diferituan ikusi dut. Glamurra eta festa giroaren erdian, euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko keinu ederra, originala eta beharrezkoa.

34 gradutan naiz hemen, han, 3 inguru. Bi etxeetako termometroek gradu pare bat gora egin dute urteberrian.


No hay comentarios:

Publicar un comentario