viernes, 24 de febrero de 2012

Gure Koadrila


Teknologia berriek abantaila eta desabantailekin jokatzen dute une oro. Asko dira haren aurka sorturiko iritziak; lagun ugari dira teknologia berri eta sozialen sarean erori nahi ez dutenak. Eztabaida haiek bizirik egotea gauza aberasgarria da, bai burua pixkat astintzeko, baita norabide bestelakoak zabaltzeko ere.
Kontua zera da: gaur albiste polita irakurri dut aipaturiko sare sozialetako batean. Albiste hari esker, herbeste goxo honetatik koadrilako adiskideak are hurbilago sentituko ditut, haien aurpegiak ikusiko ditut, funtsean, eta batzuekin birtualki bada ere, harremanetan jarraituko dugu.

Gutunzale amorratua naiz afizioz; bidaietan postalak igortzea dut kasik betebehar. Zigilua jarrita, aste batzuetara kukua jasoko duen lagunak bezainbesteko poza hartu ohi dut bidalketa egin behar dudan unean. Baina ulertzen dut egunerokotasuna tranpatia dela oso, eta askori nagia gailentzen zaiola arkatza hartu eta lerro batzuk idatzi behar dituela pentsatzean.
“Gure koadrila”k ariketa erraztuko duelakoan nago; muxu eta agurren dantzan arituko gara kode berri batekin. Atlantikoak beretzat hartu duen distantziaren kapritxoan oasi berria irudikatu du lagun batek, eta nago denok bizkotxoaren zatitxo bat jango dugula bizkotxo freskoago bat osatzeko.

Halere, ez dut galduko gutun edo postalak neronen postontzian jasotzeko itxaropena! Nik neure aldetik, gure koadrilaren atzetik jarraituko dut, kuku bakoitza oparia bailitzan neureganatu, haientzako kontuak eta kantuak sortzen jarraituko dut. Urrats berri bakoitza nirekin batera emango dute.

Haize freskoak behinola gure artean sorturiko amaraunari sare berria erantsiko diogu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario