jueves, 22 de marzo de 2012

Ez Dok Amairu...ez da malefiziorik

Ez Dok Amairuk gure kultura eta hizkuntzari astindu ederra eman zion hirurogeiko hamarkadan; ez zuen bide luzea izan, baina nahikoa kantagintza berria izango zenaren lehen urratsak ibiltzeko.
Kantu zaharrak berreskuratu zituzten; guk  kantatzeko gai izan garen doinuak eta hitzak ikasi ahal izan ditugu hari esker. Historiaren kapitulu garrantzitsua idatzi zuen taldeak, euskara eta Euskal Herriarengan sinisteko adorea eman zion jende askori. Argi izpia izan zen urte ilun haietan, gure herriak dena kontra zuen unean, hain zuzen ere.
Hizkuntza eta Euskal Herria malefizio edo zori ezin txarrago hartatik askatu  gura izan zuen Ez Dok Amairuk, hargatik izen hura.
Baina izenak ere badu jatorria, badu bere istorioa. Euskal Herriaren Yakintzan Azkuek argitaraturiko ipuin batean du oinarri taldearen izenak. San Martintxo zuhurra zen oso, azkarra...aski ondo jakin izan zuen deabruari izkin egiten.
Hamairugarren zenbakia jada ez da malefizioa guretzat.

" San Martin errementaria zan. Behin bere arazo artean, nekearen nekeaz eta beroaren beroaz edo, minduta hasarrez egoan gizona, eta Txerreni, estualdi hatatik ataratearren, arimea emoteko gertu egoala esan eban. Behingoan agertu jakon Txerren.
-Hamen naukak, Martin -esanda.
-Ez haut nik behar hi ezetarako.
-Heuk dei egin daustak eta hona ni.
-Dei egin badauat zer egiten joadan ez dakidala egin izango joat.
-Ta ta ta ta ta! Neugaz behar dok.
-Ezetariko gogo bagarik egin dodala.
-Martin, nire eskuetatik jara (libre) egon gura badok, gauza bi egin behar izango dozak oraintxe: lehenengoa, burdinazko tresna barri bat asmau; bigarrena, hamabi misterio handiak zeintzuk diran esan.
-Burdinazko tresna barri bat! -hagin artean esanda, larri lurrera begira egon zan lehenengo; gero goi aldera, laguntasun eske bailegoan; eta gaztaina-adarretan akasdun orri eder luzeak ikusteak burutasun barri bat sorrarazo eutsan garun artean.
Gero urduri-urduri lanean hasi zan. Burdinazko zatai eta ailarak sutan sartu eta txingura ganera porrikaz ekarri eta taunk eta taunk, taunk eta taunk ekin eutsan San Martinek lanari... Lehenengo zerreak orduantxe gizon baten eskuartetik burua atara eban.
Bigarren eskabidea, hamabi misterio handiak aitatzea, bien artean egin eben: Txerrenek itaundu, San Martinek erantzun.
-Martintxo, esaik bat.
-Gure Jauna bera dok bat berak salbauko gaiozak; baina ez hi.
-Martintxo, esaik bi.
-Erromako altarak bi, gure Jauna bera dok bat, berak salbauko gaiozak; baina ez hi.
-Martintxo, esaik hiru.
-Hiru trinidadeak hiru, Erromako altarak bi, gure Jauna bera dok bat, berak salbauko gaiozak; baina ez hi.
-Martintxo, esaik lau.
-Lau ebanjelariak lau, hiru trinidadeak hiru, Erromako altarak bi... eta abar.
-Martintxo, esaik bost.
-Jesukristoren zauriak bost, lau ebanjelariak lau, hiru Trinidadeak... e.a.
-Martintxo, esaik sei.
-Sei argi-egileak, Jesukristoren zauriak bost, lau ebanjelariak... e.a.
-Martintxo, esaik zazpi.
-Zazpi Sakramentuak, sei argi-egileak...
-Martintxo, esaik zortzi.
-Zortzirak dira zeruan, zazpi...
-Martintxo, esaik bederatzi.
-Bederatzi ordenamentuak...
-Martintxo, esaik hamar.
-Hamar mandamentuak...
-Martintxo, esaik hamaika.
-Hamaika mila aingeruak...
-Martintxo, esaik hamabi.
-Hamabi apostoluak, hamaika mila aingeruak, hamar mandamentuak, bederatzi ordenamentuak, zortzirak dira zeruak, zazpi sakramentuak, sei argi-egileak, Jesukristoren zauriak bost, lau ebanjelariak lau, hiru Trinidadeak hiru, Erromako altarak bi, Jesukristo bera dok bat, berak salbauko gaiozak; baina ez hi.
-Martintxo, esaik hamahiru.
-Ez, ez dok hamahiru.
-Badok hamahiru.
-Oilarrak joten dau munduan, aingeru ederrak zeruan, neure arimea izten deutsat Andra Mariari altzoan.
Eta orduan itsutu zan Txerren."

2 comentarios:

  1. Ez dakit sarrera hau baten batek irakurriko dauen ala ez...ez da ezebe pasetan...Nik sano gozatu dot oraingoan, eta kanta batetik bestera egin dot salto...
    Tori hau, Korrika 13koa, malefiziorik gabea, Ruper eta Mikelen kanta ederra..
    http://www.youtube.com/watch?v=JmtiwzdNUk0

    ResponderEliminar
  2. Eiiiii, topera zauz!!! Segi, irakurten zaitu baten batek!!!

    ResponderEliminar