viernes, 14 de octubre de 2011

RUKA: gure baserria



Maputxeen etxea lastoz eta enborrez eginikoa zen; sortaldera zuzendurik zegoen, Puelmapu aldera. Forma erdi borobila zuen eta etxeko sua gelaren erdian zegoen, senideak haren inguruan jarri eta kontu kontari aritzeko.

Antzinean ruka eraikitzeko Ngen-mapu ispirituari baimena eskatu behar zioten, hark lekua erabaki zezan. Rukako jabea izango zenak hura eraikitzeko tresnak bilatu behar zituen eta komunitateko gainontzeko kideek rukaren eraikuntzan laguntzen zioten "rukatun" edo "rukan" izeneko taldekako lanean.  Lana bukatutakoan komunitateko kide guztiek herri-bazkaria egiten zuten, elkarlana eskertu eta ruka berriari ongi etorria emateko.

 

"Baserri txarrak errota urruti"

 Geure baserriak XII mendean sortu ziren eta haiek ez ziren geureak, gu baserriarenak ginen. Baserriak  izana eta abizena ematen zigun. Baserria gure jabea zen bertan bizi ginen bitartean; bizilekuz aldatuz gero, baserri berriaren izena hartuko genuen abizen. Baserria inguruaren deskripziorik zehatzena dugu, trinkoa. Irmoa.


Baserriak etxeko sua gordetzen zuen, kondairak eta hizkuntzaren gordailua zen, sinesmenen mundua eratzen zuen eta etxekoen ekonomia bermatzen zuen. Gerora gaztelatarren lege berrien inposaketaren ondorioz, administrazioak abizenen sistema osatu zuen eta abizenen mugikortasuna galdu zen. Tradizioa ez galtzearren ordea, euskaldunak hartara egokitu ziren, baserriaren sena bizirik mantentze aldera.


Egun, modernidadeak baserrien tradizioa zapuztu du eta hark gordetzen zituen tradizio ugari historia dira. Historia eta istorio, euskaldun askoren abizenen baitan gure arbasoen kosmobisioa gorderik baitago.
Gotzon Garatek argitaraturiko "Atsotizak" liburuan badira baserriari buruzko zenbait errefrau eta aipamen. Baserriak euskaldunengan zuen garrantziaren erakusgarri dira, inondik ere.

No hay comentarios:

Publicar un comentario