domingo, 25 de diciembre de 2011

GAU ON?

Santiagoko uda giroari esker gabon aurreko asteak tirante eta txankletetan igaro ditut, inguruko santiagotarren estres kontsumistari ez axola. Ez ditut data haiek maite, nostalgia harrotuta ageri da zenbaitzuren bihotz eta zurrunbiloetan. Pozten naiz baina, batzuen gozagarri ere badirelako. Bejondeiela!
Cuzcon eman dut gabon gaua 3.300 metro ingurura. Cuzcon hotzak eta euriak ongi etorria eman didate..eta gabonetako apaingarriak nonahi ikusi ditut, neure harridurarako, edo.
Usainak, hezetasunak eta  batez ere, orduko tenperaturak neure lur maitera eraman naute, neure baimenik gabe eraman ere.
Urteko egunik garrantzitsuena ospatu da plazan, eta kolore guztietako gizon- emakumeak haien herrixketatik herrira jaitsi dira, belarrak, jertseak eta kristoren irudi berriak salgai. Gaua gainera erori zait ateri izan den une bakar hartan eta arkupea zeharkatu dut aterperako bidean. Saltzaile guztiak han ziren, bost-sei seme alaba eta ama ( gehienetan) haien inguruan. Gabon gaueko afaria "mahai gainean" zuten plastikozko plater eta tapauki artean. Urteko gaurik hotzena zain zuten, biharramunean nork bere herrirako bideari heltzeko. Askok egun probetxugarriaren aztarnak aurpegian tatuaturik zituzten, nekearen gainetik: irribarrea.
Nik aterpean zopa beroa hartu dut, ardotxo batek lagundurik, eta ez dut jakin zer egin: barre edo negar. Biak egin ditut, pozik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario