domingo, 24 de julio de 2011

EPILEPSIA TXIKIAK

 

Zenbait maniobra lagungarri topatu dut Zabalaren olerkian. 
Egunerokotasunetik bizirik, edo ahalik eta dotoreen sikieran, irteteko  jarraibide xumeak dira. Kontraesanez beterik gaudela esan dut askotan, eta halaxe da. Baina hein batean, kontraesan horiek dira gure beste " ni"  delakoa osatzen dutenak. Estutzen gara gauzak ondo egin ez ditugun beldurrez, eta kontraesanak gure jarrera justifikatzen du. 
Helmugara iristeko geltoki asko urratu behar ditugu, horrek badu bere xarma, bere ironia: aurrera egiteko okertu beharra dago. Eta bidean galdu.
Kontraesan zerrenda luzea dut nik: lana eta askatasuna; lana eta zoriontasuna....nola izan liteke zoriontsu lanean???? tira, ni "zorioneko" horien artean nago, marmar egin behar badut ere onartzeko..eta zorionez, gustora asko utziko nioke lan egiteari, inolako zalantza izpirik gabe. 
Sexua eta maitasuna; esnea eta tea; elkartasuna eta zigorra; beldurra eta ausardia.; hitzak eta hotsak.; mundua eta herria....... Ezen dena dugu geure baitan,  dena sentitzeko kapazak gara. Akaso horrexegatik erotu xamar bizi gara batzuk.



HIZKETARI UTZITA
 
Hizketari utzita,
poema hautsiak idatzi behar dira.
 
Liburuetako orriak askatu
eta elkarrekin kolatu behar dira nahasian,
leihoak karrikaratu behar dira,
eta errepide bazterretan ezarri.
 
Herrenka ibili behar da,
zaborrez betetako maletak eskuan hartuta.
Ondo jantzi behar da,
arropa guztiak dotore urratzeko.
Erori egin behar da, beti,
dardarka eta kontrolik gabe,
automatiko,
inoiz gelditu behar duenik ez dirudien tren bihurri baten antzera.
 
Epilepsia txikiak askatu behar dira,
hausturari hitza emateko,
hizketari utzita,
ispilu berriak kraskatu behar dira
hausturak bere burua ikus dezan.
 
Ezinezkoa da hitz egitea
eta poemak idatzi behar dira
haustura honi jaten emateko,
haustura honek jan ez gaitzan.
Juan Luis Zabala

No hay comentarios:

Publicar un comentario