martes, 26 de julio de 2011

GOSEA LIBRU ARTEAN

Hilabeteak dira Txileko ikasleak matxinatu direla, baita ondo matxinatu ere. Kalitatezko hezkuntza aldarrikatzen dute, doakoa, herritar guztien eskura dagoena. Gazteak ez daude bakarrik. Haiekin batera irakasleak, ikasle ohiak, jendartea...jende ugarik egin du bat haien aldarriekin. Zinez kezkagarria da egun Txileko hezkuntzak bizi duen egoera: urtero dirutza ordaindu behar dute gero eta pribatizatuago dagoen sistema batean ikasketak burutu ahal izateko. Gobernuak gero eta diru laguntza gutxiago eskaintzen die ikasleei, beka sistema ez da nahikoa eta botereak bazter utzi ditu herriaren lehen mailako eskubide asko, haietako bat hezkuntzari dagokiona.
Hamaika jarduera eta mobilizazio egin dute dagoeneko, eta borrokak luze joko omen du. Mobilizazioak harrituta utzi du Txile. Aspaldi ez zela halakorik ikusten: elkartasuna, antolaketa, autogestioa.....lozorroan ziren baloreak esnatu egin dira ikasleen oihu eta pankartekin batera. Paroak hasieran, unibertsitateetako fakultateen okupazioa etorri da ondoren, eta oraintxu hartu duten azken erabaki tristea: gose greba. 
Muturreko jarrera honek hautsak harrotu ditu Txilen. Muturreko erabakia muturreko egoera baten aurrean. Greba egiteko erabakia hartu dutenek badakite arazoa errotik astindu behar dela, ohiko sistema goitik behera birmoldatu. Irakasleek proposaturiko programan oinarrituriko ikasketak, ministeritzaren kudeaketa zentzudun eta bidezkoa, handikeriarik gabekoa...erraz idazten diren hitzak dira, baina kostata iristen dira gobernuburuen belarri edo begietara.

Ikasle txiletar batek euskaraz azaldu digu zertan den arazoa. Ahalegina eskertzekoa eta testuari kolore pittin bat emateko bidea.http://www.youtube.com/watch?feature=player_embedded&v=haneR5-JMAs

2 comentarios:

  1. Esker mila, adiskidea, Txileko egoeraren berri bertatik bertara hain modu argian eta hain euskara txukun eta jatorrean emateagatik. Euskal Herritik jaso ezazue gure hatsa eta animoa goiari eusteko eta zuen eskubideen alde egiteko.
    Besarkada bero bat.

    ResponderEliminar
  2. ESkerrik asko ARantza. Zure mezuak Dortoli elikatzen jarraitzeko gogoa piztu dit! kontuak eta kantuak bilatuko ditut bi herrialdeok konpartitzen jarraitzeko..
    Beste besarkada epela bueltan.

    ResponderEliminar