viernes, 18 de marzo de 2011

Maipu: lurra jorratu ( mapudungu hizkuntzan). Maipu geltokia: berdegunerik gabeko lurra.

Maipu Santiagoko geltoki bat da. Santiagon bost milioi lagun inguru bizi da, egin kontu hiri honen handitasuna noraino hedatzen den, onerako...zein txarrerako. Hain hiri handia izanik, agerikoa da distantzia luzeak ezezik, gizarte mailen artean ere alde nabarmenak daudela..
Arreta deitu dit Maipun gertatutakoak. Lur oso aberatsa duen ingurua zen, denetan emankorrenetakoa, baina diktadura garaian hirigintza eredu berria txertatu zuten eta egun apenas da berdegunerik bertan, dena da lur soila, biluzia, kolorerik gabeko lurra.
Eta bitxia dena zera da: berdea, eta berdeguneak, aberastasunaren sinonimo dira hainbat lekutan, Santiagon ere, esaterako. Auzorik ospetsuenetan, direla Providencia, Las Condes...parkeak eta berdeguneak nonahi aurkituko dituzu, lorazain batek jagoten ditu eta urte osoan belardi zainduak daude bistan, begien gozagarri. Berdea inguratzen gaituen kutsaduraz ahazteko terapia ona da, beste herri batean bizi zaren sentsazioa piztera ere eraman zaitzake. Baina auzo guztiak Santiago bakar batenak dira, bati ostu egiten diotena beste bati ematen diote, eta halaxe geratu da  Maipu xehean.
Ez da kasualitatea egun Maipu  atzerritaren egonlekua izatea, migrazioen emaitza. Txiroen auzoa, berdegunerik bako bazterra. Behinola, hari ere, berari zegokiona lapurtu zioten. Istorio ezaguna, nonbait.
Argazkiaren bestaldean, espazio publikoak aldarrikatzeko ekimenak ditugu, auzolanean oinarrituriko proiektuak, bizilagunek zein auzo eredu nahi duten erabaki eta espazioa haien erara antolatzeko. "Yo quiero mi barrio" izena dute. Bada, har ezazue zuei dagokizuena, sortu!
Itzuliko al da berdea Maipura....

No hay comentarios:

Publicar un comentario