martes, 10 de mayo de 2011

ACONCAGUA zelataria, TUPUNGATO izarretako leihoa

Aconca hue mapudungun hizkuntzan bestaldetik datorrena esan nahi du. Kitxua hizkuntzan berriz ackon eta cahuak ( cahua aditza) begira dabilena adierazi nahi du. Aymarak kon kawa harritzar eta mendi elurtua adierak ditu. Beste itzulpena inguruari begira dagoen harritzarra ( mendi elurtua) izan ahal da. Inguratzen dituen hizkuntza beste adiera ditu mendiak.

Atzerritarra izatea ez da kontu erraza, zenbaitzutan, ezta samurra ere. Txiletik bueltaka jarraitzen dut turista izaeraz ( eta hein batean halaxe da, nahiz eta lan kontuak direla eta hemen izan) baina herrialdetik irten behar izan dut baimena eguneratze aldera eta burokrazia arazoak saiestearren.
Mendozara joateko gogoa aspaldi piztua nuen eta udazkena lagun, aukera polita begitandu zait Argentinako mutur hartara hurbiltzea, negua hurbildu aurretik, ea zer berri.
Buelta ederra eman ahal izan dut Andeetan barrena. Halako txangoek ordea, nekez asetzen naute, eta ibilaldi luzeagoen premian geratzen zaizkit zangoak. Uspallatako bailara ezagutu dut, inkek konskistaturiko lurralderik australena. Basamortu luze eta sakonak bertako bizilagun ohien zantzuak gordetzen ditu, baten bat arkitekturan josia, besteren bat bidexka eta bidezidorretan idortua.
Inken zubia ezagunetakoa da; ur beroa isuritzen duten harriez osaturiko zubia da. XIX. mendean hotela eraiki zuten bertan: igerileku epelak eta diru usaina bazter gehienetan baina gure amalurra apetatsua ere bada, eta lurrikara bortitz batek hotela eta igerilekua jan egin zituen. Eliza lotsatia zutik geratu zen, arrazoi geologikoak tarteko. Argi gera dadin nik arrazoi zientifikoak erlijiosoak baino gehiago sinistu ditudala. Ez da jainkoaren miraria izan eliza tente mantendu duena, haren kokapena baizik.

Guarpe herria dugu Argentina iparraldeko jatorrizko herri lasaia izandakoa. Espainol eta frantsesek aparteko ahaleginik gabe eurenganatu zituzten, hain ziren baketsuak. Konkistatzaileak mendialdean lekutu zirenean jarraian ohartu ziren zein zaila zen mendilerro izugarria zeharkatzea, ingurua ondo ezagutzen zuen bizilagunen laguntzarik gabe. Guarpeak erabili zituzten eginkizun horretarako, alegia, mezulari lanak egitera bidali zituzten Andeetan zehar, izan negu edo uda, egon hotz edo bero. Guarpeen etorkizun iluna idatzita utzi zuten lagunek, matxinatu gabe mendialdean murgiltzen baitziren eta haietako asko, mendian bertan galdu, patxamamak irentsirik.
Suge itxurako errepide estuek atsedenik gabe egiten dute Andeetan gora. Halako batean Aconcaguak kuku egin dit. Haren zain nintzen, ez pentsa. Liburuetako pasadizoak, adiskide mendizaleen erreferentziak eta argazki ugari buruan iltzaturik nituen, eta irakurri eta entzundako ibilaldia poliki eginez nihoala, Ameriketako mendirik garaienaren agurraren bila nenbilen. Andeak biluzik daude, elurteak atzeraturik dabiltza, nonbait, baina Aconcagua zuri aurkeztu zait, elurrez gainezka. Hemendik hilabete batzuetara elkartuko garela zin egin diot, eta orduan luze jardungo dugu; hura, gidari. Ni ibiltari.

Goratxuago, Cuevas izeneko sasi-herri tristea dago, hiru mila metro ingurura. Begibistakoa bertan arnasa mozteko modukoa da, hargatik bizi baldintzak hain dira gogorrak. Haize zakarra ezker-eskuin eta gora-behera dabil, atsedenik gabe. Bertan ganoraz eta duin bizitzea ezinezko amets bilakatu da. Urtaroaren arabera, sei bat lagun bizi da bertan baldintza zinez izugarrietan. Mugaldeak halakoak ditu baina; Txile eta Argentina lotzen dituen muturra da eta arrazoi ez hain agerikoak bultzaturik, jende asko joan-etorrian ibili ohi da bai ingurua zelatatzeko, bai merkataritza zioetarako.
Udazkenak baimena eman dit eta “curva de la soberania” balkoiraino igotzea lortu dut. Korrikan hasteko gogoa sartu zait, halako emozioa gorputzean sartzen zaidanean korrikan hasteko joera dut. Ez galdetu zergatik. Hango argazkia zure begi parean balego, korrikarik ez dakit baina pozez oihuka hasiko zinatekeela ziurtatu ahal dizut.
Nik biak egin ditut. Urte osoa mendien magalean ematen duten glaziarrek itxura bitxiak dituzte: gizon herrenaren planta, sukaldari baten aurpegia....denetarikoak dira elurrak mendietan taxutu dituen irudiak. Eta handitasuna....begietarako neketsu izateraino.


Santiagoko buelta izarrekin hizketan eman dut; Tupungato sumendiak bere 6300 metro lotsagabekoak gordetzen ditu, tontor borobilekoa hura, sumendi askoren antzera. Tupungato hitzak izarren begiratokia esan nahi du. Egin kontu zergatik. Laster egongo garela hitz eman diogu elkarri. Asteari gogotsu heltzeko droga izan da Mendozako ihesaldia. Andeetako energia zurrupaturik lo goxoak hartu nau.

No hay comentarios:

Publicar un comentario